Informazioa | Orain | Kontaktoa | Proiektoak | Textoak | Taldelana
 
[ Textoak ]
Ez Soilik Boney M-ren Abesti bat
Asterlan Soziologikoak
Premiazko Seinaleak
Goierri Konpeti
Frontline Compilationi buruz
Gizarte Estetika Berriak
Displaiaren Itzulera
Anfitrioia eta bere Gonbidatuak
Artista nerabearen erretratua berak kontatua
 

Premiazko Seinaleak - "Troubled Images", Ipar Irlandako kartel politikoen erakusketa bat.

Miren Jaio. 2002ko ekainak 1 textu hau inprimatu

DAEk Donostian hilaren 16ra arte aurkezten duen "Troubles Images" honetan zerbait azpimarratu beharko balitz, Linen Hall Libraryren muntaia honen estilo-kohesio eta harmonia izango litzateke. "Troubles Images" azken lau hamarkadotan zehar Ipar Irlandan egindako hirurogeita hamar kartel politikoren aukeraketa bat da, bakoitzak bere azalpen fitxa zehatza duela. Hirurogeita hamar kartel, bere berezko tokian, kalean alegia, sekula iritsiko ez ziratekeenak bestearen aldamenean egotera, San Telmo museoaren giro geldian ikusgai.

Ipar Irlandako errealitate sozio-politikoaren ikuspegi guztiak biltzea eta oroimenean gordeta gera daitezen babestea izan da Linen Hall Libraryren izpiritua, troubles-en lehen uneetatik bildumak jasota dituen propaganda politikoko 3.000 objektu baino gehiago diren horiek biltzen hasi zenetik. San Telmon pareta berean ikusten ditugu mezu antagonikoak, hala nola gobernu unionistak hiritarrei laguntza eskatuz egin deialdia ("You finger on the dial can take the finger off the trigger" / "Hatza erabiltzen baduzu zenbaki hau markatzeko, hatzen bat altxarazi ahal izango duzu katutik") eta erantzun errepublikarra ("Loose-talk costs lives" / "Arinki hitz egiteak hainbat bizi galtzea dakar"). Halaz, horixe da "irudi turbulentu" hauen lorpenetako bat: erakustea dokumentazioak nolako gaitasuna duen, gatazka propioak analizatzeko beharrezko tarte objektiboa sortarazteko.

Eta, propaganda politikoaren euskarri posible guztietatik (presoen gutunak, telebista-kanpainak, tazak, adur-zapiak... asko eta asko mostrarekin baterako cd-romean jasoak), kartel politikoa izan da, inolako zalantzarik gabe, eraginkorrena ipar irlandarra bezalako lurraldeka banatutako testuinguruetan. Zeren eta kartela -itsatsia, manipulatua, paretatik kendua, beste batzuen azpian ezkutatua...- ez da bakarrik kalera, gauzak gertatzen diren tokira inskribatzen; oso bestela, lurraldeak ere markatzen ditu, mugak jartzen ditu aurrez ere zeinuz gainezka dagoen espazio batean.

60ko urteen amaiera aldean troubles-en hasierak bat egin zuen herritarren protesta mugimendu handiekin (68ko maiatza, Pragako Udaberria, Black Power, Vietnamgo gerraren aurkako protestak...). Irudien erreprodukziorako sistema merke eta sinple berrien hedapena ere fortunatu zitzaion. Zertzelada hauek biak berehala nabarmendu ziren Ipar Irlanda betetzen hasi zen kartel, eranskailu eta pankarta oldean.

Erabilitako ikonografietako asko beste toki batzuetan ikusitako karteletatik hartu zituzten. Errepublikarrek batez ere 68ko maiatzeko Parisen aurkitu bazuten bere inspirazio iturria, esaterako "Free Speech on Ireland" ("Adierazpen askatasuna Irlandan") logoan ikusten den moduan, unionistek beste toki batzuetara begiratu zuten, adibidez "Solidarity"n erabilitako Poloniako Solidarnosç-en logoa bereganatu zutenean. Gainera, teknika berriek posible egin zuten kartelak bi edo hiru koloretan ateratzea, emaitza sinple, sendo eta, egungo ikuspegitik begiratuta, zeharo erakargarriak lortuz; beste teknika batzuek testua eta argazkia konbinatzea ahalbidetzen zuten: hortxe dugu 80ko urteetako irudi ezabaezin bat, zendu ostean ere irribarretsu segitzen zuen Bobby Sands-en argazkia.

Baina jatorri desberdineko kartel hauek (hauteskunde-kanpainetakoak dira, presoek egindakoak, poliziarenak, britainiar ejertzitoarenak...) beste iturri batzuk ere izan zituzten: Lehen Mundu Gerraren aurretiko irlandar eta britainiar sinboloak, karikatura tradizionalaren trazua, prentsa anglosaxoniarraren titularretako tipografia... Estilo-kohesio hau hor egon arren, kartel errepublikarren eta unionisten arteko aldea zeharo begi-bistakoa da "Troubled Images" honetan. Ez da bakarrik koloreen esangurekin (irlandar hiru koloreko banderarenekin eta Union Jack-enekin) jokatzeak bereizketa hori azalera ekartzen duena. Izan ere, kartel errepublikarrek oro har kezka handiagoa adierazten duten bitartean berrikuntzarekiko, kartel unionistak ez dira hain sofistikatuak, bai ordea tradizionalagoak.

Beharbada horrexegatik izango dira unionisten bi kartel guztien artean arreta bereganatzen dutenak. Horietako lehenean, erakusketako zaharrena bera, Ian Paisleyk arenga bat zuzentzen dio jende multzoari, Union Jack hondoan dela. "For God and For Ulster" ("Jainkoagatik eta Ulsterrengatik") dio kartel kolore biko (beltza eta fosforo-laranja koloreko) honen testuak, euskal ikusleari karlisten oihartzuna gogorazten dionak. Beste kartelak, "Vote DUP. Smash Sinn Féin" (DUPi eman botoa, eta Sinn Féini azkena"), 1984koak, oso oihartzun bestelako batzuk ekartzen ditu gogora, britainiar punkaren kartelgintzarenak alegia. Punkak estilo bihurtu baitzuen ezgaitasuna. Aurretiazko irudietan oinarritu zen, berezko ezgaitasuna adierazten zuten baina, era berean, freskoak eta erabatekoak ziren irudietan. Izan ere, ezgaienak berak ere badaki medioa dela mezua. Horrexetan datza "Troubled Images"eko kartelen indarra: garai zailetarako premiazko irudiak dira.


ZENTZUA EZ DA GARRAIATZEAN GALTZEN

"Troubled Images"en inauguraziora joandakoek Asier Pérez Gonzálezek banatutako pegatinak eta bere gonbidapen bitxia jaso zuten. Euren aitzindari politikoek bezala, pegatina hauek "ekintza zuzena" aldarrikatzen zuten. Honakoak ziren pegatinaren instrukzioak: hartu pegatina, Belfast Tavernera jo eta pegatinan gaelikoz zekarrena (testua euskaratuta agertzen zen) tabernariari asko kostata errepikatuz gero, berehalaxe lortzen zen saria, dohaineko Guinness pinta bat. Gero, nola ez, eskerrak emateko momentua ailegatzen zen ("Go rabí mile maith agat"). Bai, esango dute batzuk, "ekintza zuzen honek marka jakin baten kontsumora baino ez zaitu bultzatzen", edota, "taberna honetan inork ez du gaelikoz berbetan egiten". Baina beno, esan ere esaten dute Guinnessek Irlandatik kanpora itsasoratzean bere berezko zaporea galtzen duela. Eta hau ez da inoiz oztopo izan Guinness pinta batzuen inguruan gozatzeko. Azken batean, horretan datza komunikazioa: aitzakia elkarrekin aritzeko... Altza Guinness pinta horiek!


textu hau inprimatu