Informazioa | Orain | Kontaktoa | Proiektoak | Textoak | Taldelana
 
[ Textoak ]
Ez Soilik Boney M-ren Abesti bat
Asterlan Soziologikoak
Premiazko Seinaleak
Goierri Konpeti
Frontline Compilationi buruz
Gizarte Estetika Berriak
Displaiaren Itzulera
Anfitrioia eta bere Gonbidatuak
Artista nerabearen erretratua berak kontatua
 

Goierri Konpeti. Koadrila, auto, lasterketa eta abiadurari buruzko bideo bat.

Miren Jaio. Mugalari. textu hau inprimatu

Road movie-ak ez dira beste filmak bezalakoak: mutila eta neska autoan sartu dira Denverren, elkar maite dute, borroka egin dute, Las Vegasa iritsi eta elkar maitatzen segitzen dute. Ez, road movieetan jendea autoz doa, hizketan, gauzak gertatzen zaizkio, edo ezer ez, eta The End iristen denean betiko toki berean segitzen du, eta dagoeneko ez da lehengo jendea. Goierri Konpetik, Goierriko road movieak, 52 minututan zehar segitzen ditu Arkaitzen eta honen lagunen gorabeherak, errepide bihurgunetsuetan zehar eta haien auto eta abiadurarekiko grinaren haritik. DAEk joandako uztailaren 5ean Front Line Compilation-en zati gisa antolatu zuen Iñaki Garmendia eta Asier Mendizabalen bideoaren proiekziora 'aktoreetako' batzuk agertu ziren: lagun koadrila eta customizatu samartutako bere bi autoak.

Kanpotik ikusita, Goierri Konpetik elementu guztiak ditu ohiko gizarte-antropologiako azterlan bat izateko: eszenatoki bat, Goierri, "euskaltasunaren" zeinu muturrekoez eta arketipoez betea (paisaia idilikoa eta klaustrofobikoa, ekonomiaren egoera on samarra, industriaren eta landaren arteko bat egitea, euskal mundua eta erdal mundua...), giza talde bat (hogei bat urteko lagunez osatu koadrila bat, inguruko lantegietan aritzen dena) eta kultur praktika edo portaera espezifiko bat (koadrila honen asteburuko pasioa baita autoak errepideetan zehar ziztu bizian gidatzea -racing- eta alokatutako baserrian behin eta berriz autoei barrenak hustea).

Ariketa antropologiko batzuetan, azkenean voyeurismo hutsa sortzen da, aztertzeko diren hainbat objektu pertsonaia exotiko gisa aurkezten direnean. Goierri Konpetin ez da horrelakorik gertatzen. Eta horretarako arrazoiak bat baino gehiago dira. Horietako bat hemen agertzen direnek azterlan-objektu hutsaren ideia gainditzen dutela da. Lagun talde bat dira eta, hasierako lotsa pasatu ondoren, modu naturalean jarduten dute kamera aurrean; talde honetako protagonismoa, zalantzarik gabe, Arkaitzena eta Buxirena da, berau baita txakur txiki bat, maskota alegia, auto eta gizonezkoen mundu batean. Beste arrazoietako bat da Goierri Konpetiren 52 minutuak grabazio-ordu askoren osteko edizio-lan arretatsu baten emaitza izatea, urtebeteko jarraipena egin zitzaion eta koadrilari; are gehiago, denbora horretan zehar oso gauza ikaragarriak ere gertatu ziren, esate baterako kideetako bat hiltzea, gau batean, errepidean. Eta hirugarren arrazoia Goierri Konpetik Goierrikoa bezain espezifikoa unibertsala ere baden gai bati buruz hitz egiten duela da: autoaz ari baita, sublimazio eta askapen pertsonalaren ideia lauso bati loturik, gizonezkoen hersturarentzako ihesbide gisako abiadurari loturik.

Halaz, Garmendia eta Mendizabalen bideokoa autoen inguruan biraka dabilen unibertso maskulino bat da; eta makina horiek izugarri mimatzen dituzte Arkaitz eta bere lagunek, eta izugarrizko lotura sentitzen dute gainera haiekiko, pasioren bat sekula sentitu ez duen norbaitek ulertzerik izango ez zuen lotura bat alegia. Autoak, eskubide osoz bideoaren protagonistak, bere bertsio guztietan erretratatuta ageri dira: barrutik zen kanpotik; barrenak zeharo aterata eta larru gorririk dituztela garajeko anatomia-ikasgai baterako, eta tunning-ez makilatuta, Tropikoko espaziuntzien antzera; geldirik eta baserri aurrean aparkatuta, edo tronpoak eginez epilepsiak jota bezala, pinudi arteko rally batean...

Zein da euskara eta gaztelania ingelesezko azpitituluek bateratzen duten fluxu natural batean nahasten diren bideo honen narratiba? Arkaitz, Peterete eta bere lagunek asteburuetan egin ohi dituzten gauzak egiten dituzte: Saxoa, AXa eta 205-a hartu buelta bat emateko, batetik bestera (tabernaz taberna, Iratxora, etxera atzera) joan, tabernan garagardo batzuk hartu, alokatuta daukaten baserrian festa bat egin parrilada, bakailao eta barre artean, han imajina ditzakegun konponketa eta lardaskeria guztiak egin edo, berrikuntza bat berau, auto pare bat customizatu, tunning rallyren batean aurkezteko asmoz (horrexetatik hain zuzen hartu duten izena, Goierri Konpeti), bide batez tunningi berari kritikarik zorrotzenak eskaintzen dioten bitartean ("ijitokeria bat"); edo rally bat ikustera joan, horrelakoak gazte eta gizonezko jendez betetako jai-kirol ekitaldiak baitira...

Goierri Konpetin eta erretratatzen duen munduan maskulinoak eta euskaldunak zertu ohi duen bere buruaren kontrola nagusitzen da, eta hemen tonu intimista baten zerbitzurako dago. Mundu txiki eta itogarri honetan, errepideko bihurguneek berek ere historia duten honetan, paisaiako elementuak, Txindoki hondoan dutela, oihartzunez beteta daude. Halaz, fatxada hondatu eta iluna duen baserri alokatuaren parean, hau idazten ari denak Samuraiaren garajeari eskaini omenaldi lauso bat ikusi nahi izan zuen, hartara jotzen baitzuen Alain Delonek interpretatutako mertzenarioak, bere mandatuak burutzeko behar zituen auto eraldatuak eskuratzera. Beste road movie kontrolatu eta liriko bat zen hura, honetan bezala The End iristen denean protagonistak betiko tokian segitzen zuena, bera betikoa izan ez arren.


textu hau inprimatu