Informazioa | Orain | Kontaktoa | Proiektoak | Textoak | Taldelana
 
[ Textoak ]
Ez Soilik Boney M-ren Abesti bat
Asterlan Soziologikoak
Premiazko Seinaleak
Goierri Konpeti
Frontline Compilationi buruz
Gizarte Estetika Berriak
Displaiaren Itzulera
Anfitrioia eta bere Gonbidatuak
Artista nerabearen erretratua berak kontatua
 

Ez Soilik Boney M-ren Abesti bat - "Belfast Exposed", hiri hautsi baten argazkiak.

Miren Jaio. 2002ko apirilak 6 textu hau inprimatu

Zer da "Front Line Compilation"? 77ko oroitzapenak ekartzen dizkigun "fronteko lerroaren konpilazio" hau "Ipar Irlandaren eta Euskal Herriaren arteko topaketa ahalbidetzen duen ekitaldi programa" bat da. Halaz, udaberri eta udan zehar Donostian hainbat ekitaldi izango dira, bai Ipar Irlandako poster politikoen erakusketak, bai zine eta bideo dokumentalen proiekzioak, baita proiektu espezifikoak ere. DAEk aurkeztu konpilazio honek "nortasun nazionala, gazte azpikulturak, lurraldetasuna eta oroimen kolektiboa bezalako kontzeptuak ikertzea" proposatzen du. Hilaren 16ra arte Egiako Kultur Etxean aurkezten da "Belfast Exposed", egitarau honi hasiera ematen dion argazki-erakusketa.

"Front Line Compilation" hobeto ulertzeko, ez litzateke gaizki etorriko aurrez gauza pare bat azaltzea, begi-bistakoak iruditu arren. Lehenbizikoa. Lehen, modernotasunaren proiektua artean indarrean zegoenean, pentsatzen zuten artea izango zela eraldaketa sozio-politikoaren motorea. Gaur inork ez du dagoeneko utopiez hitz egiten. Hala eta guztiz ere, ez genuke zalantzarik izan behar inguratzen duen errealitateari buruz arteak hausnartzeko duen gaitasunaz. Eta bereziki orain, inori kezkarik eragiten ez dionean bultza egiteko duen balizko potentzialak. Bigarrena. Globalizazioaren ondorio kezkagarrienetako batek, uniformetasun butxagarriak (Gaztelako hiri-paisaia bat eta Siberiako hiri-paisaia bat bereizteko modurik eza eragingo duenak) eragiten duen ikarak "lokal" esaten zaionaren birbaloratzea ekarri du berrikitan. Halaz, errealitate sozio-politiko zehatz eta konplexua duten bi testuinguru lokal, euskalduna eta ipar irlandarra, aztertzen dituen proiektutzat ulertu behar da FLC.

Horrela esanda pentsa daiteke FLC adiskidetasunezko partida moduko bat dela euskal eta ipar irlandar selekzioen artean, honek berekin dakarren paralelismo fetitxistetan erortzeko tentazioaz, esan baitezakegu Ipar Irlandan eta Euskal Herrian gatazka sozio-politikoak daudenez biak berdinak direla. Alabaina, eta proiektua adiskidetasunezkoa bada ere, ez du egitura simetrikorik. Hemen, etxetik kanpo jokatzen duen taldeak jokalari gehiago ekarri ditu. FLCn zati ipar irlandarrak presentzia handiagoa du, eta "alderaketarako kasutzat" erabiltzen da, "ez soilik erreferente gisa, baizik eta baita identifikazio-prozesu honetako ispilu deformatzaile gisa ere".

Asimetria hau oso garbi ageri da "Belfast Exposed"-en, hots, Donostiako Arte Ekinbideak-ek denboraldi honi hasiera emateko erabili duen argazki-erakusketan. FLCn elkarrekin diren arte-proiektu hutsen eta kultur artxiboko materialaren itxura dutenen artean, "Belfast Exposed" proiektu dokumentalen bigarren multzo horretakoa izango litzateke. "Belfast Exposed" 1983an finkatutako komunitatearen zerbitzura dagoen argazki-elkarte baten izena da. Erakunde honek argazki-artxibo bat dauka, argazkilari amateur zein profesionalek lortu irudiez osatua, Belfasteko eguneroko bizimodua dokumentatzen duena azken hiru hamarkadotan zehar. Halaz, "Belfast Exposed"ek paralelismoaren tentazioari ihes egiten laguntzen digu. Zeren eta, alde batetik, anglosaxoniarren eraginpeko eremuetan hain ezaugarria den ahalegin dokumentala hemen nahikoa urruneko gertatzen den kontzeptua baita. Eta bestetik, community arts edo "artea denontzat" proiektu baten aurrean gaudelako, hemen ezezaguna zaigun eta oro har porrot egindako proiektutzat hartua den Ongizatearen Estatuaren hondar gisa.

Eta hala eta guztiz ere, bisitaria inpresionatuta ateratzen da Egiako kultur etxetik, han ikusitako irudiengatik. Zeren eta artxibo-ahaleginaren alderdi prosaikoa eta urrunekoak eta community arts horren izpirituaren alderdi aspergarri eta antzuak topo egiten baitute Belfasteko egunerokotasunarekin, errealitate hori bi alderditan banatuta dagoelako, auzo protestanteak eta katolikoak peaceline (bake-lerro) leungarri horiez bereizita daudelako, eta presentzia militarra etengabea delako.

Horrenbestez, hiriaren antagonismo dialektikoa fotogenikoa eta glamourduna ere gertatzen da. Zeren eta, alferrik baita ukatzea, kanpotik ikusita gatazka guztiak horrelakoak baitira: paramilitarrek gazte protestanteei ezarri zigorren irudiak, zeinetan gazteak giza eskultura bihurturik ageri diren, poste batzuetara loturik eta pintura zuria dutela goitik beheraino; talde armatuak, txano eta guzti eta bere galazko uniformeak jantzita dituztela kamerarako; hileta-elizkizunetako agurraren phatos... Eta voyeurismo hori Phil Collinsek, Egian bideoz jasota ageri den 2001ean Belfasten izandako hiri-interbentzioen "International Language" proiektuan parte hartu zuenak, begi-bistan jartzen du "Oporrak inoren zoritxarrean" delakoan, honetan etxe suntsituen argazki-irudiak inprimatuta dauzkaten elastikoak salgai baitaude Boney M.ren "Belfast" kantuaren erritmoaz.


textu hau inprimatu