![]() |
|
|||
| Ez Soilik Boney M-ren Abesti bat - "Belfast Exposed", hiri hautsi baten argazkiak.
Zer da "Front Line Compilation"? 77ko oroitzapenak ekartzen dizkigun "fronteko lerroaren konpilazio" hau "Ipar Irlandaren eta Euskal Herriaren arteko topaketa ahalbidetzen duen ekitaldi programa" bat da. Halaz, udaberri eta udan zehar Donostian hainbat ekitaldi izango dira, bai Ipar Irlandako poster politikoen erakusketak, bai zine eta bideo dokumentalen proiekzioak, baita proiektu espezifikoak ere. DAEk aurkeztu konpilazio honek "nortasun nazionala, gazte azpikulturak, lurraldetasuna eta oroimen kolektiboa bezalako kontzeptuak ikertzea" proposatzen du. Hilaren 16ra arte Egiako Kultur Etxean aurkezten da "Belfast Exposed", egitarau honi hasiera ematen dion argazki-erakusketa. "Front Line Compilation" hobeto ulertzeko, ez litzateke gaizki etorriko aurrez gauza pare bat azaltzea, begi-bistakoak iruditu arren. Lehenbizikoa. Lehen, modernotasunaren proiektua artean indarrean zegoenean, pentsatzen zuten artea izango zela eraldaketa sozio-politikoaren motorea. Gaur inork ez du dagoeneko utopiez hitz egiten. Hala eta guztiz ere, ez genuke zalantzarik izan behar inguratzen duen errealitateari buruz arteak hausnartzeko duen gaitasunaz. Eta bereziki orain, inori kezkarik eragiten ez dionean bultza egiteko duen balizko potentzialak. Bigarrena. Globalizazioaren ondorio kezkagarrienetako batek, uniformetasun butxagarriak (Gaztelako hiri-paisaia bat eta Siberiako hiri-paisaia bat bereizteko modurik eza eragingo duenak) eragiten duen ikarak "lokal" esaten zaionaren birbaloratzea ekarri du berrikitan. Halaz, errealitate sozio-politiko zehatz eta konplexua duten bi testuinguru lokal, euskalduna eta ipar irlandarra, aztertzen dituen proiektutzat ulertu behar da FLC. Horrela esanda pentsa daiteke FLC adiskidetasunezko partida moduko bat dela euskal eta ipar irlandar selekzioen artean, honek berekin dakarren paralelismo fetitxistetan erortzeko tentazioaz, esan baitezakegu Ipar Irlandan eta Euskal Herrian gatazka sozio-politikoak daudenez biak berdinak direla. Alabaina, eta proiektua adiskidetasunezkoa bada ere, ez du egitura simetrikorik. Hemen, etxetik kanpo jokatzen duen taldeak jokalari gehiago ekarri ditu. FLCn zati ipar irlandarrak presentzia handiagoa du, eta "alderaketarako kasutzat" erabiltzen da, "ez soilik erreferente gisa, baizik eta baita identifikazio-prozesu honetako ispilu deformatzaile gisa ere". Asimetria hau oso garbi ageri da "Belfast Exposed"-en, hots, Donostiako Arte Ekinbideak-ek denboraldi honi hasiera emateko erabili duen argazki-erakusketan. FLCn elkarrekin diren arte-proiektu hutsen eta kultur artxiboko materialaren itxura dutenen artean, "Belfast Exposed" proiektu dokumentalen bigarren multzo horretakoa izango litzateke. "Belfast Exposed" 1983an finkatutako komunitatearen zerbitzura dagoen argazki-elkarte baten izena da. Erakunde honek argazki-artxibo bat dauka, argazkilari amateur zein profesionalek lortu irudiez osatua, Belfasteko eguneroko bizimodua dokumentatzen duena azken hiru hamarkadotan zehar. Halaz, "Belfast Exposed"ek paralelismoaren tentazioari ihes egiten laguntzen digu. Zeren eta, alde batetik, anglosaxoniarren eraginpeko eremuetan hain ezaugarria den ahalegin dokumentala hemen nahikoa urruneko gertatzen den kontzeptua baita. Eta bestetik, community arts edo "artea denontzat" proiektu baten aurrean gaudelako, hemen ezezaguna zaigun eta oro har porrot egindako proiektutzat hartua den Ongizatearen Estatuaren hondar gisa.
|