Informazioa | Orain | Kontaktoa | Proiektoak | Textuak
 
[ Textoak ]
Ez Soilik Boney M-ren Abesti bat
Asterlan Soziologikoak
Premiazko Seinaleak
Goierri Konpeti
Frontline Compilationi buruz
Gizarte Estetika Berriak
Displaiaren Itzulera
Anfitrioia eta bere Gonbidatuak
Artista nerabearen erretratua berak kontatua
 

Front Line Compilationi buruz

Peio Aguirre & Leire Vergara textu hau inprimatu

Front Line Compilationi buruzko deskripzio labur batez, esan genezake "Euskal Herriaren eta Ipar Irlandaren arteko topaketa ahalbidetzen duen arte-proiektu bat" dela. Topaketa hau ez da elkartruke bat, ez baitago geroko itzulketarik. Gehiago da jabetze bat, Euskal Herriko gure egoera kokapen gabetik ispilu desitxuratzaile gisa diharduen testuinguru baten erreferentea erabiltzea eta ustiatzea.

FLC, egiturari begiratuta, arte-ekitaldien denboraldi baten antzera sortuta dago; eta ekitaldi hauek denbora-tarte batean garatuko dira, aurtengo martxotik uztailera bitartean, Donostiako hainbat tokitan.
Egitura zaluaren eraginez, horrelakoxea baita D.A.E.ren muina den planifikazio eta inprobisazio nahastetik ateratakoa, erabakiak hartzeko lana prozesu bidezkoa da.

Lehen begiratu batean, batek kasu irlandarra har lezake beste batek Islama edo Ekialde Hurbileko egoera hartzen duen moduan, hausnarketa diferentzialerako subjektutzat, halako diskurtso-konglomeratu bat argitzeko ahaleginean. Baina mamira joz gero, oinarria kontu lokal huts batean dago. Eta kontu hau da euskal abertzaletasunaren sektore batzuek Ipar Irlandako egoera sozio-politikoa ikusirik sentitu duten mirespena, "euskal gatazka" deituaren bideratze politikorako paradigmatzat. Mirespen hori, gainera, handituz joan da, batez ere Ostiral Santuko Akordioak ezarritako Ipar Irlandako bake-prozesua hasi zenetik.

Ipar Irlandako gatazka politiko eta sozialarekiko euskal identifikazio honek historikoki badu bere epigonoa, irlandar kultura eta sustraiekiko identifikazioan. Eta gauza interesgarriena dugu ispiluaren aurreko identifikazio honek ez digula beste aldetik irudirik itzultzen. Norabide bakarrekoa baita, hemendik haranzkoa, eta gainera irudimenezkoaren planoan kokatzen da.

"Irlandarra" den guztiak zenbait gizarte-geruzatan sortarazten duen sentsibilitate eta sinpatia ikusirik, egoki iruditu zitzaigun Case Study suerte bat bailitzan erabiltzea, testuinguru biotako arte-produkzioari aplikatuta. Halaz, FLCren azpian duguna ahalegin bat da, sozialari eta politikoari lotutako topiko batzuk arterik berrienaren jarduera itxuratzen duen "errealaren" esparrura eramateko. Identifikazio prozesu honen bidean, kontraesanak eta ez aurrera ez atzerako uneak gertatzen dira.

Lehen-lehenik, alderantzizko bi arte-tradizioren egiaztapena. Alde batetik, tradizio sendo bat dago gai politiko hutsak ukitzeari dagokionez, bereziki 1969an Troubles-ak hasi zirenetik agertutako bortizkeria sektario eta militarraren ondorioen inguruan. Eta egungo artista komunitate irlandarraren nahia, Troublesen islaren berdina den arte ipar irlandarraren topikoari ihes egiteko ildoan barna lan egin nahi baitu.

Bestetik aurkako adibidea dugu egungo euskal kasuan. Faktore lokal jakin bat identitate sorkuntzarako zeinutzat ustiatzeak berekin dakartzan gainbalioen kontzientzia. Gauzak orokortu nahi gabe, sintoma hau bi punturen artean kokatzen da, alde batean baita terrorismoaren eta traumaren eraginei buruzko iragan hurbil amnesiko bat, eta bestean, berriz, elementu lokal, ikonografiko edo sozialaren hainbat estetikaren erabilerari dagokionez exotikotzat jo genezakeen izate bat.

Bi abiadura kontrajarri, gaur egun gizarte bi horietan gertatzen diren egoera sozio-politikoetan dituztenak bere baliokideak. Hementxe bertan zeinuen leherketa bati uzten dio lekua FLC itxuratzen duen matrize kontzeptualak.
Proiektuaren oinarrietako bat berez artistikoa ez den materiala arte-diskurtsoarena den esparru baten baitan sartzeak eragindako harremana eta frikzioa bera da. Honen lekuko dira erakunde eta instituzioen artxiboko materialaz egin erakusketak, esaterako Belfast Exposed-ena baliatuz eginak -aipatua argazki-erakunde bat baita, Belfasteko argazkilari-komunitateari erakusketa-aukera, artxiboa eta laguntza eskaintzera bideratua-, edota Linen Hall Libraryk Ipar Irlandako Gatazka Politikoaren Poster Bildumaz eginikoak. Kasu hauetan, aurkezpenarekin batera hitzaldiak, artisten aurkezpenak edota interbentzioak izan dira, diskurtso-loturak bilatzearren, ikuslego/ entzuleriak nahastearren, eta egoerari halako dinamismo bat sortaraztearren. Diskurtsoaren mailan, hau performatibotasunaren eraginez gertatzen da.

Beste inflexio puntu bat premisa horietatik ateratako artisten proiektuek ezinbestean politikoki aktiboak izan behar dutela edo "arte politikoaren" tradizio pseudomarxistan kokatuta egon behar dutela jotzen duten konbentzioen hausturan dago. Honetatik oso urrun, folklorearen eta arte, kitsch nazionalismo edo toki azpikulturen arteko mugen esplorazioari ekiteko ahalegina egiten da, eta baita urbanismoarekin eta erretratu sozialarekin negoziatzen duten jarduerak produzitzekoa ere. Gai hauekin negoziatuz, hainbat proposamen topatu dugu arte dei genezakeenaren muga-mugan.

Bestetik, gehiago desira mailan, gure subkontzientean lurralde, hizkuntza eta odolean oinarritutako sentimendu nazionalista baten oinarrien zalantzan jartze bat dago.

Interesgarria da izenburuaren ñabardura semantikoak aipatzea. FLCren soinu-banda rock musika da. Beharbada edozein erregio, toki edo landa-zonatako punk-rockaren korronteren bat. Front Line Compilation Fermin Muguruza Negugorriak-ek zuzentzen duen bandaren bilduma-album baten titulua da. Talde honen kantuetako batek, 80ko urteen hasieran, zioen Fronteko Lerroko Rocka zela, eta presente dagoela sentitu behar dela.

FLCren epean zehar, eta gure ustekaberako, jakin izan dugu gutxienez bi aste irlandar izan direla (kultur eta aisi mailan), Donostian garatuak ideologia politiko zeharo markatuko hainbat erakunderen eskutik. Hartu-emanetan sartzean eta beraiekin bat egitean, gure asmoak beraientzat ezezaguna zen artearen esparrutikotzat agertzen ziren.
Eta hementxe bihurtzen dira egiazko topaketa artistiko samar batek sortarazten dituen topikoak, eta kontraesanean sartzen dira.

Azkenik, FLCk ahalegina egiten du hiriko kultur instituzio desberdinekin negoziatzeko eta horiek erabiltzeko (sarritan maila politikoko etsaien zuzendaritzapean baitaude), espazio publiko lokalaren beraren nozioa hedatuz eta birdefinituz. D.A.E.k instituzioarteko harreman hauen erdian negoziatzen du.

Donostia, 2002ko ekainaren 6a

El Temp's d'Art-en 2. zk.an argitaratua, Bartzelona, 2002.



textu hau inprimatu