Informazioa | Orain | Kontaktoa | Proiektoak | Textuak
 
[ Textoak ]
Ez Soilik Boney M-ren Abesti bat
Asterlan Soziologikoak
Premiazko Seinaleak
Goierri Konpeti
Frontline Compilationi buruz
Gizarte Estetika Berriak
Displaiaren Itzulera
Anfitrioia eta bere Gonbidatuak
Artista nerabearen erretratua berak kontatua
 

Artista nerabearen erretratua berak kontatua

Miren Jaio. 01/02/03 textu hau inprimatu

Donostiako Egia Kultur Etxeko aretoan, D.A.E.ren Superkongresua egin zen tokian, galdera bakar batek betetzen zuen guztia. Irudimenaren ahalegin txiki batez zigarroetako ke trinkoa ikus genezakeen, komikietako milaka eta milaka bunbuilo balira bezala, sabaiak eta paretak estaliz lema bakarra zeukatela barnean: "Eta artea, non dago?" Artea meategian ote, langabezian edo diskotekan, hau da, parranda egiten "errealitatearen egituretan" zehar?" (eta, hau esan eta gero, batek ahalegina egingo du -ez du ordea lortuko- "errealitatearen egiturak" berriro "artearen barneratze interruptus" horren torturapean ez jartzeko promesa fidela betetzeko). Ez, ene maiteak, artea ez dabil inguru horretan, artea bere oporraldira joan baita "Emancipation Bubble" batean.

Aipatu "bubble" hori, bada, Alex Mitxelena eta Hugo Olaizolaren proiektu bat da, Saioa Olmok bere ponentzian aurkeztua Sk-n, eta (artista) nerabe modernoaren arazoei irtenbidea ematen diena. "Emancipation Bubble" burbuila-kanpin denda moduko bat da, bizitokitzat egokitua, bertan bizi denak esate baterako bere gurasoen etxeko leihoari erants diezaiokeena. Halaz nerabe batek hiru baldintza betetzen baditu, baldintza hauek baitira, lehenik, batere dirurik ez edukitzea, bigarrenik, gurasoen etxetik kanpo bizi nahi izatea inoren kontura eta, hirugarrenik, bitartean gurasoen kontura bizi izatea, eskutan du ekonomia ororentzako egokia izan daitekeen irtenbidea, emantzipaziorako dispositibo hau alegia, etorkizun hurbilean pantaila parabolikoaren ordezkoa izango dena inguru azpiurbanoetako fatxaden jaun eta jabearen postuan.

Eta metafora balio anitzeko eta baldar honek (zeren eta metafora baita larri dabilen luma-mutur horteraren blandiblub baliabide akatsik gabea) nolabait balio badu errealitatearekin gurasoen eta seme-alaben harremanen mailako arazoak dituen arte bat definitzeko, bere burbuilan itxita dagoen arte bat definitzeko, are gehiago luza dezagun elementu koipetsua: hogei eta hogeita hamar urte bitarteko artisten hogeita hamar interbentzioetan zehar, Sk-n "burbuila emantzipatzailearen" sindromearen sintoma garbiak ere ikusi ziren, hau da, artistak jasaten duen tentsio klasikoaren sintomak, alde batean baitago arte-sorkuntzari atxikitzen zaion auto-atseginezko urruntze baten desira, eta bestean errealitateak ezartzen dituen baldintzatzaileak -"nola zuzenduko ote diot interpelazioa errealitateari nire praktikatik?, eta honen ifrentzuan, "nola aterako dut nire bizimodua nire praktikaren bidez?".

Hauek ez ziren Egian eztabaidatu ziren gauza bakarrak izan. Izan ere, Amwayren biltzar bat eta "hogeita hamar gizabanako eduki itzazu 72 orduz gatibu egoeran" bezalako laborategiko esperimentu bat nahastuta zeudela zirudien Sk honek izandako gauza askoren artean, jakin-minaren eta aurkaritzaren artean mugitu zen eztabaida bat bultzatu izana dago. Argitara atera ziren gaiak? Ba, gutxi gorabehera betiko eta oraingo gaiak: "artista promesa" edo "artista forever young" izaten segitzeko zer egin behar ote den; galeriaren espazioari (sare-zerbitzu, salmenta-katalogo, aldizkari, altzari, flyer, musika, moda, dantza eta abarri) gaitz guztien bilgune balitz bezala ihes egiten zioten arte-proposamen pila itzela, eta batzuek erakusten zituzten eskrupulo harrigarri samarrak (fakultateko irritsa agian, edo ez, ez baitakit jada) praktika horietako batzuk "zilegizkotzat" hartzearren artean; diziplinartekotasunaren exijentzia artistaren eguneroko praktikan;... Eta datu bitxi bat: "ideologia" terminoa maila aktiboan eta pasiboan erabili zen, esangura ilun eta, zenbaitetan, kontraesankorrez.

Azken batean, Superkongresua izandako "artista nerabearen erretratuen" hiru eguneko galerian, bakoitzak bere txanda erabili zuen ahozko definizio bat eskaintzeko, bere obra eta lagunena zein beste batzuekin batera eginikoa erakutsiz, bere bizitzaz hitz eginez (zeren eta kasu gehienetan praktika eta bizitza paraleloan baitoaz) edo ponentzia bera ekitaldi artistiko bihurtuz. Izenburu asko jar lekizkieke han ikusitako erretratuei: "artista nerabea zahartzen ari da", "irudien superproduzitzailea", "gazte sumindua", "pragmatikoa", "bitartekaria", "kodetzailea", "laguntzaileak", "bere baitan bildua", "eraginkorra" eta baita "pedantea" ere. Eta gauzarik onenen artean: erakutsi izana Ordiziako taberna bat negu amaigabeko herrialde batean segidako lau beka bezain ona edo zoritxarrekoa izan daitekeela artearentzat.

 

Miren jaio. 01/02/03. Mugalaria-Artea, Gara


textu hau inprimatu