Informazioa | Orain | Kontaktoa | Proiektoak | Textoak
 
[ Textoak ]
Ez Soilik Boney M-ren Abesti bat
Asterlan Soziologikoak
Premiazko Seinaleak
Goierri Konpeti
Frontline Compilationi buruz
Gizarte Estetika Berriak
Displaiaren Itzulera
Anfitrioia eta bere Gonbidatuak
Artista nerabearen erretratua berak kontatua
 

Gizarte Estetika Berriak

Peio Aguirre. 2002. textu hau inprimatu

"Gizarte estetika" terminoak komunitate edo talde jakin baten eguneroko bizimodua antolatzen duten gauzen, itxura batean oso garrantzitsuak ez diren horien multzoa adierazten du. Parkeen diseinuak, arropak, hitz egiteko modu batzuek, keinuek eta erritualetan oinarritutako beste portaera batzuek eratzen dituzte gizarte estetika horiek. Arteak, politikak edo historiak baino gehiago, gizarte estetikak gizartearen beraren korronte eta mugimendu dinamikoenen oinarrian dauden ideiak ekartzen ditu.

Euskal Herriko arterik gaurkoenean, hau artista batzuen lanean leun edo gozoki ageri den joera bat da. Duela gutxi aurkeztu dira horrekiko negoziaketan ari diren bi lan.

"Goierri Konpeti" Iñaki Garmendia eta Asier Mendizabal artisten bideo dokumental bat da, Goierri eskualdean kokatua, Gipuzkoaren barne-muinean, artistak bertakoak baitira. Zona horretan landa munduak eta industri munduak bat egiten dute, eta gazteen egoera ekonomikoa on samarra da gainera. Toki horretan, halaber, paisaia naturala eta kulturala da, eta behin eta berriz gogorazten digu hiri, identitate eta gizarte talka baten erdigunean gaudela. Inguru ideala da estetika, errito eta aisialdiko jardueren bidez identitatea sendotzera bideratutako gazte-azpikulturen garapenerako. Azpikultura horietako bat lasterketa-autoei edo rallyei eman gurtzaren ingurukoa da. "Goierri Konpeti" koadrila bat da, euskal testuinguruan koadrilak duen esanguraz, izan ohi baita adiskide talde bat, mutilak guztiak, bere gizarte-harreman guztiak auto-objektuaren inguruan antolatuta dituena. Gure egungo enbrioi-egoeraren oinarrian kokatzen den belaunaldi baten erretratu soziologikoa.

Hasiera batean dokumental gisa sortua izaki, artista biek gazte hauen ibilerak segitu dituzte urtebetean zehar, beraiekin biziz eta arituz, eta honen emaitza erreportajearen kodeak segitzen dituen bideo bat da, arteari hobeto egokitzen zaizkion narrazio egiturak nahasten dituena. Gaiak aurrez iradoki dezakeena hor egon arren, bideoaren tonua intimista da, hausnarketara bultzatzen du, eta hainbat unetan poetiko ere gertatzen da.

"Goierri Konpeti"n tradizioak, ohiturak eta identitate kolektiboari hertsiki lotutako balioak mantentzeko unean geografiak duen garrantzia azpimarratzen da. Izan ere, paisaiaren indar horixe da narrazioari kohesioa ematen diona.

Beste norabide batean, artista eta moda diseinugile Ainara Garciak "Orrazkerak-Haircuts" argitaratu du, fanzine moduko bat berau, zeinean azken hogei urteotako hemengo bertako orrazkeren errepaso edo genealogia bat egiten den. Revival punk une batean, futbol eta musika izarren gandor erorien garaian, Ainara Garcia itzuli egin da "Euskal Rock Erradikala" izeneko fenomenoan 80ko urteen hasieran punkak izan loraldira. Gazte iraultzaileen estetika bere estiloa, gaur egun arte etengabeko bilakaeran eta birmoldaketan segitu duen bere estiloa bereganatu duen unera.

Gizarte estetiken alderdi interesgarria gazte kontzeptua eta iraultza kontzeptua nahastea lortzen dutela da, modaren estetika iraultzaren beraren estetikarekin nahastea alegia. Eta horretarako kale edo musika mugimenduak nahasten dituzte, rocketik hasi eta rastafari estiloraino edota kaskamotz lookeraino helduz.

Ile-apaindegietarako orrazkerez osatu katalogo glamour gutxiko baten antzera sortua delarik, argitalpen honek egungo irudiak eta garai hartatik jasotako argazkiak nahasten ditu, beste fanzine batzuetatik hartu eta handitutako xehetasunekin batera. Irudietako batzuk artistaren autorretratuak dira. Artistaren beraren gaztetasunagatik, genesi honen epea laino baten antzera gogoratzen du, hau da, produktua askoz gehiago dago liluramenduaren eta desiraren inguruan sortua, ebidentzian oinarritua baino. Artistak berak dagoeneko bere burua aurkeztua du elastiko-diseinu batzuen bidez, hauetan, kolore deigarrizko hondo baten gainean, Bizkaia eta Gipuzkoako herrietako izenak estanpatu zituelarik tintaz, elastiko aurrean zein atzean.

Bi adibide hauek balio dezakete arte-praktika batek kanibalizatutako gizarte estetika baten lekuko gisa; izan ere, hauetan euskal testuinguruko giro sozial eta politikorako erreferentziak zehar- edo hondar-ondorio gisa azaleratzen dira. Iruzkin bat baitira, nukleorik gogorreneko azpimundu nazionalistei buruzko aipu hutsaren ezerezkeriari eta sinplifikazioari aurre egiten dion iruzkin bat. Lan hauek identitate kolektiboen itxuraketaz hitz egiten digute, gizartearen hainbat geruzatan hedatuta dauden elementu estetiko eta portaeren bidez.

Gizarte estetika edo estetika sozial hauen ezaugarria zera da, mikro-gizarte lokalenak diren klabe eta zeinuak kanpotik interpretatzeko zailtasuna.

Eta erresistentzia horrek bultzaturik, ikusleak identifikatu egiten du, edo nahastu, haran, mendi, bide bihurgunetsu eta pinuzko paisaia eder bat, atzean dagokeen amarruren batekin.

Cultura(s) gehigarrian argitaratua. La Vanguardia, Bartzelona, 2002-09-04.


textu hau inprimatu