![]() |
|
|||
| Azterlan Soziologikoak - Artista ipar-irlandar eta euskaldunen bideo-programa bat Donostian
Front Line Compilation, DAEk Ipar Irlandaren eta Euskal Herriaren arteko arte-topaketari eskaintzen dion udaberri-uda parteko programa, aurrera doa. Apirilaren 12 eta 13an Donostiako Kutxaren aretoan aurkeztu zen bigarren jarduera-sorta, programa misto gisa, proiektu honetan bat egiten baitute errealitate sozio-politiko jakin bati buruzko dokumentu-ahaleginak eta arte-hausnarketak: alde batetik, Karen Downeyren hitzaldi bat dago, berau baita fondoetako batzuk Egiako Kultur Etxean ikusgai egondako "Belfast Exposed" argazki-artxiboaren arduraduna eta, bestetik, bost artista ipar-irlandarren eta hiru euskaldunen bideo-proiekzio bat. Proiekzioaren 50 minutuko iraupena osatzen duten 11 bideoek hainbat forma-alderdi dituzte komunean: dokumentalaren eta bideo-kliparen teknikak, musika, punkaren Do It Yourself-en akabera akastuna, loopak... Baina, faktore aglutinatzaileak alde batean utzita ere, ikuslea berehala jausten da estereotipoak sortzeko tentazioan, esanez "hemen, guinness bat eta Paddy ilegorri bat; han, txakolin bat eta Patxi txapela eta guztiko bat". Halaz, azaleratzen diren lehenbiziko izenak, ezin bestela izan, Willie Doherty eta Txomin Badiola dira. Baina Badiolak "euskal selekzioarekin" (Iñaki Garmendia, Jon Mikel Euba, Inazio Escudero) duen harremana argia bada ere, alderdi irlandarra garbiago aldentzen da "trouble-ei buruz hitz egiten duen artista ospetsuenarekiko" loturetatik. Adostasunik ezean, erabil bedi ariketa soziologikoa: Belfasteko langile-auzoen hiri-erretratua ipar-irlandarren gai nagusia bada, gazte-taldea dago Euba eta Garmendiaren lanaren erdigunean. Bi printzipio, gatazka politikoa gatazka sozio-ekonomiko gisa, alde batetik, eta koadrila gizarte kohesiorako egituratzat, bestetik, batzuk eta besteak zer bereizten dituen ulertzen laguntzen dutenak. Harahan, Smyth eta Jewesburyk soinu-banda jartzen diote Belfasti. Leiho batetik hartutako kaleko eszenek eta Belfasteko londrestarra den Harahan-en soinu-akonpainamendu zalantzazkoak bardo irlandarraren alkoholez blaitutako ohiko komikotasun eta malenkonia dute. "Taja y sus amigos" lanean, talde batek, eremu batean, likidoak nahasten ditu (coca-cola, esnea...) molotov-koktel itxura duten botiletan. Talde-dinamikaren arauek modu harrigarrian funtzionatzen dute Garmendiaren narratiban: taldearekin hasten da lotsati bezala, kamerari eta jasotzen dituen jarraibideei gehiago erreparatzen diela; talde berarekin amaitzen du, bere eginkizunean zeharo murgilduta eta kamerari kasurik egin gabe. Baso batean bi txanodunek Panda beltz baten leihatilak margotzen dituzte "Gatika doble final" lanean. Basoa, autoa eta taldeko ekintza elusiboa dira, berriro ere, Eubaren unibertsoko elementuak. Eta, amaitzeko, alderdi soziologikotik eszentrikoak diren bi bideo. Escuderok, auto-sabotajean aditua izaki, egoera zentzugabeak erakusten ditu narrazio-deriba batez, hondoko musikaz osatuta. Dokumentalaren baliabideak aukera ematen dio Collinsi gatazka ideia ikertzeko. "Everything is a cut away" lanean pantaila bitan zatitzen da: ezkerrean, Skopjen babestutako haur zauritu bati egin elkarrizketa; eskuinean, Sarajevoko kaleetako eszenak... Hamaika bideo hamaika azterketa soziologiko konparatutarako.SINBOLOAK BETIKOTZEN 2002an Belfast Europako hiriburua izango da. Hiriguneko paisaia dagoeneko
prestatzen ari da liftingerako. Karen Downeyk, Belfast Exposed-en arduradunak,
uste du gauza askorik ez dela aldatuko langile-auzoko biztanleentzat.
Downeyren iritziz, Belfast'08ren atzeko instituzioak hiriaren haustura
eta gotortze sinboloak, peacelineak, auzo katolikoak eta protestanteak
bereizten dituzten eta udalak eraikitzen jarraitzen duen murru horiek
betikotzeko ardura duten berberak dira. Eta horien profil zorrotzak segituko
du iluntasun gogorrean bere silueta uzten.
|