Informazioa | Orain | Kontaktoa | Proiektoak | Textoak
 
[ Textoak ]
Ez Soilik Boney M-ren Abesti bat
Asterlan Soziologikoak
Premiazko Seinaleak
Goierri Konpeti
Frontline Compilationi buruz
Gizarte Estetika Berriak
Displaiaren Itzulera
Anfitrioia eta bere Gonbidatuak
Artista nerabearen erretratua berak kontatua
 

Anfitrioia eta bere gonbidatuak

Miren Jaio. 2001/08/21ean textu hau inprimatu

Hirigintzan, "donut efektua" esaten zaio hiri handi batzuetako hirigunearen huste eta degradatze fenomenoari, hurrena klase ertainak aldirietako etxe-auzoetan biltzen direlarik. Carles Guerra artistiko eta kritikoak donutaren analogia berreskuratzen du, erdigune huts baten inguruan antolatutako masa zentrukidea, Tilo Schulzen obra deskribatzeko. Ondoren datorren testuak artista alemaniar honen lanean sakontzen du, eta arreta berezia eskaintzen dio "El retorno de display. La exposición en el 2030" delakoari, berau baita bere proiekturik berriena, DAErekiko lankidetzan eta Artelekuren laguntzaz gauzatua, uztail eta abuztuan zehar, Donostiako hainbat tokitan.

Zein da Schulzen donut-zuloa? Har ezazue, esate baterako, Exhibition Without Exhibition, 1997 eta 1999ko proiektua. E.W.E.rako Schulzek sei artista gonbidatu zituen (Olaf Nicolai, Nathan Coley, Plamen Dejanov & Swetlana Heger, Jens Haaning eta Sandra Hastenteufel) proiektu desberdinak aurkez zitzaten. Proiektu hauek, gero, katalogo txiki itxuran joango ziren, eta hitzaldi, informazio-poster, gonbidapen-txartel, publizitate eta abarrez osatuko. Hau da, izenburuak dioen moduan, erakusketa baten elementu periferiko klasiko guzti-guztiak agertzen diren erakusketa bat da, baina elementu nagusia falta zaio, erakutsitako objektua alegia.

Honen arabera, interpreta liteke Schulzen lana, 70eko urteetako arte kontzeptualaren eta, zehazkiago, Lawrence Weiner-en obraren jaraunsle eta diskurtso metalinguistiko konplexukoa dena, arte-objektuaren ertzetan geratzen dela. Ez da, ordea, horrela. Zeren eta kontu jakinekoa den arren omisioa ("arte-objektua bere absentziaz adierazten da") adierazgarria dela ("...beraz, erakusketaren gaia falta den objektua bera da"), denontzat jakinekoa baita, halaber, donutaren zuloak ez duela ezeren gusturik (eta arte-objektuak, zorionez, utzi egin diola egungo arte-eztabaidaren lehentasunezko gaia izateari).

Horrenbestez, Leipzigen jaiotako artista honen obra, nolabait esatearren, obra eszentrikoa da ("zentrukide" terminoarekiko aurkaritzaz). Behin eta berriz zalantzan jartzen dituen egitura eta dispositibo artistikoei berei tinko atxikirik, Schulzen lana aspektu amalgama batean mugitzen da, eta bere lotura sakonak ez dira nabarmen ageri lehen irakurketa batean (egia esan behar badut, irakurlea nahikoa galduta ateratzen baita): informazioaren bitartekaritza, diseinua eta modeloa, publikoa edo publikoak, fikzio ideia (bai ahozko narrazio gisa hitzaldi batean, narrazio idatzi gisa poster edo katalogo batean, edo erakusketa birtual gisa, esate baterako "The real and the fake" eta "E.W.E." izenekoetan), bere lanarekin ekarpen bat egiten duten beste batzuekiko (artista, curator, kritikari...) lankidetza, "kultur ikasketen" berezko gaietako batzuk, esaterako amerikar mendebaldearen mitoa, emakumezkoen futbola edo hirigintza...

Eta Schulzek ez badu arte-objekturik sortzen, zein da, orduan, 1972an jaiotako alemaniar honek bere proiektuekiko bereganatzen duen rola? Curator eta beste batzuen obraren bitartekari (zeren eta arte-praktika, batez ere, bitartekaritza den), informazio diseinugile (informazioak diseinu bat behar duelako neurtua eta irakurria izateko), hizlari eta, adibidez, country musikako kontzertuen antolatzaile (arte-praktika, bitartekaritza gisa, ez delako soilik galeria baten barneko ikusizko aurkezpenera mugatzen)..., Schulzek bere proiektuen baitan duen eginkizuna irudi batez deskribatu behar izango balitz, anfitrioiarena izango litzateke.

Nola azaldu "El retorno del display"
Beharbada Donostian egin azken proiektua, "El retorno del display. La exposición en el 2030" izenekoa deskribatzea izango da irakurketa-maila inbrikatu asko behar duen lan bat ulertzeko modurik egokiena. Bidean den proiektu honetarako, Schulzek lau kritikari eta curator europar (Charles Esche, Carles Guerra, Rebecca Gordon Nesbitt eta Lisette Smits) gonbidatu ditu testu bat idaztera, hain zuzen galdera honen inguruan: "2030erako erakusketa bat sortu ahal izango zenuke?" Erantzunetako bakoitza hiru hizkuntzatan argitaratu da (ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz), eta poster moduan; honetarako Schulzek propio egin du diseinua. Ekain eta abuztuan zehar, eta aste bi edo hiruko aldizkakotasunaz, enpresa bat arduratu da posterretako bakoitza Donostiako kaleetako hainbat paretatan itsasteaz, estaltze estrategia bati segituz seriean errepikatutako patroi baten arabera, horrelako baten posibilitateak Schulzek dagoeneko esploratuta baitzituen galeriako espazioaren barnean, "Body of work: the ideal exhibition" delakoan. Halaz, posterrak festak eta kontzertuak iragartzeko beste kartel batzuekin batera bizi izan dira (eta lehian aritu espazio eta arreta publikoa bereganatzeko). Eta beste horiek bezalaxe, beste kartel pila baten azpian desagertu dira, guztiek laguntzen dute eta hiri paisaiaren amaigabeko berrikuntzan.

Lau posterrak, halaber, dohain banatu dira hiriko hainbat tokitan (moda- eta disko-dendetan, liburu-dendetan, biblioteketan, galerietan...). Proiektua osatzeko Tilo Schulzek berak Goikoa Jauregian eskainitako hitzaldia izan da. Honetan hiru gairen inguruan aritu zen: XIX. mendearen amaierako Frederic Remington eskultore iparramerikarraren obra, Mendebalde erdiko zelaietako azken cowboya desagertu eta hogei urte geroago lagundu baitzuen, bere zaldizkoen eskulturen bidez, amerikar mito "jatorrenetako" bat gorpuzten; "Sunrise over yellow stripes", Westfälischer Kunstverein-erekiko lankidetzan lehenago eginiko proiektu bat, zentro barruan zein kanpoan burututako hainbat ekitaldiz (hiru hitzaldi eta kontzertu bat ziren) osatua eta, azkenik, eskuartean dugun proiektu hau berau.

Philip K. Dick zientzia-fikziozko autoreak zioenez, "zientzia-fikzio txarrak aurresaten badu, zientzia-fikzio onak aurresaten duela itxuratzen du". Honen arabera, "Zein izango da erakusketaren etorkizuna 2030ean?" galderari erantzunez eman lau testuetako hiru lehen kategoriakoak izango lirateke eta hau, begiratzen zaion tokitik begiratzen zaiola, modu desberdinez interpreta daiteke. Zeren eta, hiru testu hauek maila literarioan funtzionatzen ez badute ere (Guerraren proposamenak bai ordea), iragartzen duten arte-egituren suntsipena oso gauza gertagarria baita: Gordon Nesbittek ziberespazioa proposatzen du arteetarako toki baliozko bakartzat; Smitsek abandonatutako museo eta galeriak okupatzea errebindikatzen du, kontsumo basatiko gizartearen aurreko protesta gisa; Eschek, itxura batean ironia kutsu orotatik urrun, arteak demokratizatzea aldarrikatzen du, lan-absentismoa araua den eta arte-instituzioak (oh!), foro demokratiko baten eginkizunak bere gain hartzeaz aparte, desfaboratuenentzako babesleku gisa agertzen diren munduan.

Edonola ere lau testu hauek, iragarri baino gehiago, nabarmen uzten dute, 2001ean, erakusketaren aurkezpen-ereduaren eraginkortasunik eza, erakusketa bere baitan hartzen duten arte-instituzioena bezalaxe. Eta, nolabait, horretan datza Schulzen azken lanetako batzuen alderdirik gatazkatsuena, desmuntatzen ahalegintzen den egitura horiexekiko mendekotasuna alegia. Donutaren zuloaren amildegitik eta beronen elementu zentrukideetatik ihes egitea eta eszentrikotasun muturrekoenean murgiltzea irteera posible bat izan liteke. Edo agian ez.

Miren Jaio. Mugalari/Garan argitaratua, 2001/08/21ean.



textu hau inprimatu