![]() |
|
|||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
|
ALWAYS Gauzatu gabeko proiektua La Equitativa-ren eraikina Donostiako arkitektura arrazionalistaren aleetako bat da. Fernando Arzadun euskal arkitektoak hogeita hamarreko lehen urteetan diseinatutako eraikin bat da. Eoghan McTigue artista irlandarrak eraikin honekiko interesa du, bere lotura modernistagatik eta hirian duen kokapen estrategiko eta enblematikoagatik, hainbat ikuspegitara zabalik egoteaz gain. Toki horretan, izan ere, publizitate eta komunikazio konpainiek bere argi-panelak instalatu ohi dituzte, informazioa zabaltzeko. Zehazki, lehengo garaietan La Equitativak, bere goreneko zatian, mota honetako panel elektroniko bat eduki zuen, eta aldameneko eraikinean zegoen Philips-en kartelarekin bat eginik, ikusizko erreferentzia bihurtu zen. Geroago, hiri-arauketarako lege berriak aplikatzean, publizitate iragarki eta kartel mota hau kendu egin zuten hiri osoan zehar. Gainera, eraikinak berak hainbat berrikuntza hartu ditu, eta gaur egun bere jatorrizko itxura ahalik eta gehien mantentzeko ahalegina egiten ari da. ALWAYS interbentzioa La Equitativaren goiko terrazako gertakizun baten antzera planteatzen da. Izaera enblematiko hori errespetatuz, iragarki argidun bat instalatzea da kontua, su artifizialezko iragarki bat alegia urte berriari ongi etorria egiteko eta beste ospakizun batzuetarako egin ohi den moduan, ALWAYS (beti) hitza osatzen duena. Iragarki hau 2002ko uztailaren 13an sortuko da, gaueko 12etan. Ikusizko gertakizun horren iraupena argizko material piroteknikoak erabat erretzeko behar duen denbora izango da. ALWAYS seinaleztapen-ariketa bat da, adierazlearen eta adieraziaren arteko halako eten bat dakarrena, kasu honetan hain zuzen seinale baten ordez bestea jartzen baita, publizitateko kartel baten ordez babesik gabeko mezu bat. Always Modernism, Always Utopia, Always Coca-Cola, hitz honek, Donostiako biztanleentzat, herri kulturatik bakarrik eskura dezake esangura, eta bere presentzia hezikaiztasun adierazpen bat ere bada, sabotaje bat agian. ALWAYS hitzak ezinbestean Donostia hiriko hiri-espazioaren oroimen kolektibora garamatza, funtsezko toki bat adierazten baitu, nahiz era berean bere baitan halako absentzia bat dakarren. Proiektu honek badu zerikusia Eoghan McTigueren lehenagoko beste proiektu batzuekin ere. Artista honek argazkiarekin, arkitekturarekin eta "context-orientated-work" delakoarekin egiten du lan, beti-beti zama politiko garbi batez negoziatzen du, eta artearen historiako eta modernismoaren erreferentziak erabiltzen ditu. Esate baterako, Empty Stand (2001) Customs Houseren parean kokatutako obra bat da, Belfasten 20ko urteetan mitinak eta diskurtso politikoak egiten ziren tokiaren parean alegia. Podium bat da, edozeinek erabili ahal izateko bozgorailu eta guztiz hornitua, inongo ildo politikorekin lotzeko aukera eman dezakeen ikur edo kartelik gabea zeharo. Lan hau The International Language proiektuan zehar instalatu zen, hau izan baitzen arte publikorako proiektu bat, Belfasten burutua 2001ean zehar Grassy Knoll Productions-en eskutik, hots, McTigue bera kide fundatzailea duen egitura horren eskutik. Empty Sing (1998) absentzia baliatzen duen beste lan bat da. McTiguek Queenseko Unibertsitateko informazio eta iragarki panelak aukeratu zituen lantokitzat, panelen beren argazkiak atzera instalatuz baina, betiere, poster, txartel eta paperezko iragarki guztiak kendu eta gero. Honen emaitza koloreei eta formari buruzko beste "informazio" hori adierazten hasten da, pintura abstraktu baten antzera ia-ia. ALWAYS Eoghan McTigueren proiektu bat da, D.A.E.ren aginduari erantzuna ematekoa, baina gauzatzeko modurik izan ez zuena jabeak ukatu egin zuelako baimena. Alabaina, proiektuari eta La Equitativa eraikinari buruzko dokumentu-artxibo bat prestatzen ari da, hiriko liburutegietan sartu ahal izateko.
| |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||